miércoles, 12 de agosto de 2009

Groenlandian kayakez

(Arg.: A. Ramos/A. Oliden)

Nik ez dakit kayaka ipar kirola den, kontutan hartuta inuit herriak asmatutako gauza dela. Hala ere, pasa den urtean gipuzkoar bikote batek kayakekin bizitutako bidaiaren esperientzia ekarri dugu gaur orrialde hauetara. Gehien bat lekuarengatik eta, zergatik ez, udan gaudelako ere bai. Ziur naiz
CVCfondo blogaren bisitarioi, paisaia elurtuen zaletuak izanik, piraguista bere txaluparekin isiltasunean izotzen artean edo glaziar erraldoiez apaindutako kosten parean nabigatzen ikusteak, inbidiaren antzeko zerbait sortzen dizuela zuen barnean. Eta hori nahiz eta, neroni bezala, bai jatorriz, baita ere borondatez, erabat lehorrekoak ba zarete ere.

Amaia Ramos donostiarra eta Ander Oliden aretxabaletarra dauzkagu gurekin, esan bezala, aurreko urtean Groenlandian hogeita hiru egunez egindako bidaiari buruz hitz egiteko.

CVCfondo: Eskiatzaileak irrist egitearekin erabat obsesionatuta bizi gara, zuek nola daramazue asunto hori?

Ander Oliden: Berdin, bai. Materialen aukera, txalupen egitura, arraun teknika, guztia horretara bideratua dago. Eta ez pentsa gaur egungo gauza denik, ikusiko bazenitu groenlandiar kayakak, egur arinez eta oihal josiez eskuz egindakoak, ia duela milaka urte bezala…
Amaia Ramos: Harrigarriak dira benetan. Gu hor gabiltza groenlandiar kayak bat eraiki nahian arotz baten laguntzarekin. Palak guk egiten ditugu, aspaldi hasi ginen, Groenlandiara joan aurretik.

CVC: Beraz, ez dituzue pala arruntak erabiltzen?

Amaia: Ez, ez. Horrekin gauza bitxia gertatu zitzaigun. Groenlandiako bidaian, antolatzaileen agentziak jartzen zuen materiala eta guk, hemen groenlandiar palekin ohituta egonda ere, Groenlandian europar palak erabili genituen.
Ander: Bai, horretan arraro xamarrak gara, beste piraguazaleen begirada eszeptikoarekin honezkero ohituta gaude.

CVC: Bizikletak ez direla bakarrik udan ibiltzeko, filmaren izenburuak dion bezala, aspaldian ikasi genuen. Kayakak ere ez?

Amaia: Ez, ez, gainera hemengo itsasoak eta eguraldiak asko laguntzen dute. Edozein garaitan ibili zintezke.
Ander: Neguak gainera badauka bere xarma: paisaiak, bakardadea…

CVC: Ez jarraitu, ez jarraitu, eskiak ateratzeko gogoak jartzen zaizkit eta... Nola sortu zen artiko aldera joateko aukera?

Ander: Beno, ez ginen artikoan ibili, gu Groenlandiaren hegoaldean mugitu ginen. Gauza lagun baten bitartez sortu zen; Javier Knörr da bera, kataluniarra, neguan Bartzelonan irakaslea da Institutu batean eta udan, urte pilo bat daramatza Groenlandiara joaten, batzuetan “Tierras Polares” agentziarentzat egiten du lan gidari bezala eta berak egin zigun proposamena.
Amaia: Bederatzi lagun joan ginen, gehienak ezagunak, sei kataluniar eta hiru euskaldun.

CVC: Ze garaitan joan zineten?

Ander: Ekainaren bukaeratik uztailaren erdialdera. Garai aproposena da, egun luzeak eta eguraldi epela. Abuztuaren erdialdetik aurrera hasten baitira elurra eta hotza.
Amaia: Dagoen argitasuna izugarria da, gauak ez du inoiz erabat iluntzen garai hauetan eta gainera, atmosfera izugarri garbia da. Distantziak kalkulatzen ez da batere erraza, dena gertu dagoela dirudi.

CVC: Ze ibilbide egin zenuten?

Ander: Groenlandiaren hego-mendebaldeko kostan Narssarssuaq inguruko fiordoetan barrena, hamahiru eguneko ibilbide bat egin genuen, autonomia osoz.

CVC: Nola iritsi zineten bertara?

Amaia: Hegazkinez. Narssarssuaqen dago aireportu internazionala (txikia, Hondarribikoaren neurrikoa), bertara Copenhague eta Reijiavicketik bakarrik doaz hegaldiak eta eguraldiaren oso menpe egoten dira, askotan bertan behera utzi behar izaten dituzte, kondizio txarrak direla eta.

CVC: Mapan begiratuta, kosta nahiko korapilatsua ikusten da leku honetan.

Ander: Oso korapilatsua, guztia fiordoz beteta; Groenlandia osoan horrelakoa da kosta: fiordo luzeak, ehunka kilometrokoak, milaka beso eta irla txikiak. Zenbait lekutan, lehorreratu eta porteo motz bat eginez, nabigazio ordu piloa aurreztu ditzakezu.

CVC: Kayaka bizkarrean hartuta?

Amaia: Bizkarrean ez, buru gainean. Ikusiko duzu gero argazkietan.

CVC: Hotzik pasa al zenuten?

Amaia: Bai, naiz eta Tª oso baxuak ez ziren, haizea oso hotza zen. Adibidez, Narssarssuaqera iritsi bezain laster, “Tierras Polares” agentziak daukan aterpe batera joan ginen zodiak batean, hiru kilometroko itsas beso bat zeharkatuz, materialaren bila. Beno, ba, nahiz eta arropa guztiak gainean jarrita joan ginen (benetan berotzen duten arropak) makurtuta egin behar izan genuen bidaia, ez zegoen tente jartzerik haize hotzarengatik.
Ander: Ura ere oso hotza dago, nekez igotzen da hiru gradutik. Bertara, Groenlandiako ekialdeko kostatik behera doan ur lasterra iristen da; jakin badakizu hori, CVCfondon Nansen espedizioari buruzko artikulua irakurri nuen. Ba, horrek artikoko hotza eta hainbat izotz puska ekartzen ditu, eta gutxi batzuen gainean hartz polarren bat ere bai bidaian.

CVC: Eskimotaje maniobra egiteko ezin hobea.

Amaia: Tokatu zitzaigun, eta benetan gogorra, izugarrizko buruko minarekin ateratzen ginen uretatik. Hipotermia arriskua benetan larria da leku haietan, ez bazara bizkor ibiltzen.

CVC: Groenlandiako argazkietan urak beti bare-bare ikusi ohi dira.

Ander: Bai, gauza da normalean fiordo barruan ibiltzen zarela. Beraiek ateratzen dira itsas irekira ere eta han, noski, olatuak badaude. Hala ere, batzuetan haizeak jo dezake gogor glaziarretatik behera eta, fiordoaren estutasunean kanalizatuta, urak harrotu, nabigazioa oso arriskutsua bihurtuz.

CVC: Nolakoa izan zen zuen itsas zeharkaldia?

Ander: Oso ona, izugarrizko zortea izan genuen eguraldiarekin, guztia primeran joan zen eta nahiz eta hotzak eta nekeak gogorarazten ziguten ura ez zela paseo bat, tira, horretara joan ginen, eta ez genuen momentu larririk pasa; larriena eltxoen erasoak.
Amaia: Egia esanda, hain isolatuta geunden, nik tarteka pentsatzen nuela, -“hemen zerbait gertatuz gero…”

CVC: Bai, kontatu didate, zure larrialdietarako botikina, Narssarssuaq eritegikoa baino hobeto hornituta zegoela.

Amaia: Ja, ja, ja. Bai: “deformación profesional”. (Amaia larrialdietako erizaina da).

CVC: Eta zuen arteko harremana?

Ander: Ufa!
Amaia: Badakizu, horrelako egoeretan ezagutzen dugu elkar benetan. Egia esan, ez zen batere ondo joan, ustekabeak izan ziren, “lagunak” ziren jende batzuekin. Eskakeoa, gainditu ezin dudan gauza da, amorru handia sortzen dit. Honen eskarmentu nagusia hori izan da, hurrengorako ongi begiratu behar dela norekin elkartu.

CVC: Beno, beno. Hitz egin dezagun bidaiaren bigarrengo zatiari buruz. Hamahiru egun pasa ondoren zeharkaldian, taldearen parte bat bueltatu eta zuek bertan geratu zineten beste hamar bat egun zuen kaxa. Nola joan zen?

Amaia: Primeran. Qaqortoqera joan ginen, han ospatzen bai ziren Groenlandiako kayak txapelketak eta ikusteko gogo handia geneukan. Herri kirol modukoak dira, eta kayak lasterketaz gain, zenbait ariketatan saiatzen dira: arpoi jaurtiketa txalupatik, lasterketak txalupa buruan daramatela, guztiak antzinako ehiztariekin lotutako teknikak, beti kayakaren inguruan.

CVC: Ikusi, eta nik dakidanez, parte hartu ere bai.

Ander: Bai, bai, parte hartu genuen. Baita Amaiak paper txukuna egin ere, laugarren geratu bai zen emakumeen lasterketa batean.
Amaia: Egia esan oso ongi pasa genuen. Izen ematearekin bakarrik, txalupak utzi zizkiguten eta ez hori bakarrik, ostatu eman ere bai; egia esan, harrera ezin hobea egin ziguten eta oso harreman ona izan genuen bertakoekin.

CVC: Bai Amaia, badakit ia bizitzera gelditu zinela, eskaintzaren bat eduki zenuela horretarako.

Amaia: Egia, bai; gauza da kaian, langile baten istripuaren lekuko izan ginela eta laguntzea tokatu zitzaigun, noski. Eritegira iritsi ginenean, medikuarekin hitz egin eta nire laguntza eskaini nion. Berak, erizaina naizela jakin zuenean, han lanean geratzeko proposamena egin zidan berehala, erraztasun guztiak jartzeaz aparte Osakidetzan irabazten dudan soldata hirukoiztuz.

CVC: Tentagarria benetan.

Amaia: Ez dut, hala ere, hango negua ezagutzeko gogorik.

CVC: Hori da iraupen eskia ez duzulako praktikatzen.

Amaia: Momentuz. Nork daki. Juan Laredo, CVCkoa, eskiatzailea zuek bezala eta gainera piraguazalea, atzetik daukagu ea noiz ikasten dugun. Bera prest daukagu erakusteko.

CVC: Nik ere egiten dizuet eskaintza berdina.

Amaia: Bai? Ba, horren truke zuk piraguan ikasi gurekin.

CVC: Ez dirudi tratu txarra. Beno, gurera etorriz, nolakoa da groenlandiar jendea?

Ander: Jatorra eta irekia, gurekin behintzat, baino arazo larri bat dago alkoholarekin. Biztanle gehienak subentzioetatik bizi dira, lanik egin gabe. Garai bateko gizarte egitura, ehiztariaren inguruan oinarritua, pikutara joan da erabat, eta, zoritxarrez, alternatiba baliagarririk gabe. Gazte jende gutxi ikusten da: balio dutenak Danimarkara ikastera joan eta gero, ez dute bueltatu nahi.
Amaia: Nik etsipen handia jaso nuen horrekin. Inuit kultura nolabait idealizatuta neraman aurretik eta, aldiz, han ikusitakoa oso tristea iruditu zitzaidan, penagarria eta konponbide zailekoa.

CVC: Zenbat biztanle ditu Groenlandiak guztira?

Amaia: Oso gutxi, 50.000 inguru, eta oso sakabanatuta. Badago ferry bat mendebaldeko kostako ibilbidea egiten duena goitik behera, udan bakarrik, noski, eta ehunka kilometro egin behar izaten ditu leku batzuetan bi portuen artean.

CVC: Sisimiut ezagutu al zenuten?

Ander: Ez, hori Nuuk hiriburutik iparraldera dago.

CVC: Bertan iraupen eski lasterketa bat egiten da urtero, udaberrian, 160 kilometroko ibilbidea hiru etapatan zatituta, bidean akanpatuz. Izena du Arctic Circle Race eta benetan erakargarria dirudi. Agian gure harremana sendotzen badoa, konbinatu bat egin genezake, lasterketan parte hartu ondoren, etxera groenlandiar kayakean, Nansenek bezala. Bitartean nik, zuen argazkiekin eta kontatutako historiekin, neure ametsak elikatuz pasako dut denbora, eta ez da gutxi. Eskerrik asko guztiarengatik.

Amaia: Bihar goizean, nahi baduzu, Txingudiko badian izango gara.
Ander: Bai, bai, eta badaukagu lekua beste batentzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario