martes, 8 de septiembre de 2009

Santiago bidea

Dagoeneko, uda iristen ari da amaierara eta momentu aproposa da bakoitzak norbere abenturak denei kontatzeko. Gaurkoan 800km-ko abenturatxoa kontatuko dizuet. Pasaden ekainean, azterketekin batera, normala denez, udarako zein plan egin pentsatzen hasi ginen, azterketen humore txarra edo motibazioa lortzeko. Arratsalde batean nire adiskide Jonen dei bat jaso nuen elkarren notiziak edukitzeko eta elkarrizketaren erdian kirol plan bat egitea bururatu zitzaigun, baina aldi berean mundua ere ezagutu nahi genuen eta hain modan dagoen Inter-rail-a egiteko dirurik ez zegoenez, geure eskutan zegoen plan batean pentsatu genuen.

Horrela iritsi zen Santiago bidea egitearen ideia, mendiko bizikletan nola ez, eta azterketak bukatu bezain laster prestaketekin hasi ginen; arropak, parrilla, bizikletak baldintzatu, alforjak… eta azkenean Inter-raila bezain garesti atera zitzaigun . Behin dena antolatua genuelarik, Uztailaren 11ean Jonen gurasoek Orreagara eraman gintuzten autoz. Hortxe hasi zen 9 eguneko abentura polita eta ahaztezina. Eguraldia apartekoa izan zen 9 egun horietan eta Santiagora iritsi arte ez zitzaigun tanta bat ere erori, hori bai, Santiagon egon ginen 3 egunetan, bota ez zituenak bota zituen.

Bidaia etapa hauetan banatu genuen:

1.-Orreaga- Puente La Reina

2.-Puente La Reina- Logroño

3.-Logroño- Santo Domingo de la Calzada

4.-Santo Domingo de la Calzada- Sahagun

5.-Sahagun- Astorga

6.-Astorga- Villafranca del Bierzo

7.-Villafranca del Bierzo – Sarria

8.-Sarria- Boente

9.-Boente- Santiago de Compostela

Lehentxeago esan bezala, eguraldiak asko lagundu gintuen, baina goiztiar ibili behar ginen goizeko epeltasuna aprobetxatzeko. Orokorrean 80 eta 100km bitarte egiten genituen egunean, goizean gehiengoa eta bazkaldu ondoren beste 20 km, nahiz eta bazkalondoko beroarekin gehiago sufritzen genuen.

Eguneko saioa bukatu ondoren deskantsatzeko garaia iristen zen edozein albergetan, baina normalean eta lekua bazegoen, alberge merkeetara joaten ahalegintzen ginen, eta dutxa on baten ondoren afaltzera joaten ginen “menu del peregrino” izenekoa. 9 egun hauetan zehar itxura askotako paisaiak ikusi genituen, baina zalantzarik gabe politenak Galizia aldean ikusi genituen, animaliaz betetako larrez osaturik. Bide gehiena pistetatik egin genuen eta errepidea bitan hartu genuen mendiko bi portu igotzeko, Ocebreiro eta Cruz de Ferro.

Hamar egun beranduago Santiagora iritsi ginen eta bertan bi egun egon ginen hiria ezagutzen, argazkiak egiten, eta nola ez, bertako janak dastatzen. Donostiara itzulera autobusean egin genuen gauez bidaiatzen, eta goizaldean iritsi ginen berriro Donostiara.

Norbaitek egiteko intentzio badu, zalantzarik ez dezala eduki galdetzeko, baina geure bizipenen ondoren guztiz gomendagarri egiten dizuegu.

Josu Erkizia eta Jon García



1 comentario:

  1. Aupa bikote, esperientzi interesgarriaz aparte, entrenamendu polita. Datorren urterako, gauza berdina rolleskiekin, nik laguntza logistikoa eskaintzen dizuet.

    ResponderEliminar