martes, 11 de septiembre de 2012

Aste-bukaera Bortirin



Joan den aste-bukaeran , hil hasieran, kurtsoko lehen entrenamendu antolatua egin genuen Nafarroan, Izaba inguruko errepideetan hain zuzen ere. Ostiralean, goizean goiz bi kotxe atera ginen Donostiatik, Burgi herriaren ondoko poligono industrialean elkartzeko planarekin. Bertan, aurrekoetan bezala, bidegorri modukoa den zirkuituan ibili ginen gutxi batzuk ­— Jokin eta Patxi Sarasola eta Xabi Gardeazabal– teknika ariketa batzuk lantzen, ondoko tabernako parranderoen algarak entzuten genituelarik. Izan ere, Mikel ez zegoen oso osasuntsu, eta Josurentzat gure entrenamenduak beroketa besterik ez direnez, Yesa-ko desbiderapenetik roller-etan joaten ari zen Burgi-rako bidean. Hala ere, 15 kilometro horiek gutxi zirelakoan, poligonotik azkar asko ospa egin zuen Izabaraino, besteok gure ariketak egiten jarraitu genuelarik.

Izaban, bazkalostean, bertan ospatu zen bizikleta lasterketaren giroa zegoen oraindik, eta taberna batean La Vuelta ikusten ari ginela, Xabi agertu zen, bere herriko festetatik neke begiekin zetorrena.

Arratsaldean Belagoako portua igotzera animatu ginen, batzuk Izabatik bertatik eta beste batzuk El Rincón-etik. Hasiera batean eguraldia ona izan arren, behin portuan gora egindakoan haizeak ikaragarri gogor jotzen zuen, gure erritmoa nabarmenki motelduz. Gehienak gora iristean, atzerago geratu zen Xabi gaztearen bila jaitsi ginen denok furgonan, hotzaren hotzez.




Behin Bortirin, dutxa bero on baten ostean eta afari galanta sabelean, Errealaren partidua ikusten aritu ginen. Ohera joan bezain azkar altxatu ginen hurrengo goizean, Abodi-ko portua igotzeko asmoz. Garaienak Izalzu-tik atera ginen, eta beste taldekideak portu hasieran ekin zioten igoerari, batzuk eskating-en eta besteak klasiko estiloan. Aurreko egunean bezala, eguraldia gure alde izan genuen denbora gehienean, nahiz eta behin eski pistako taberna ondoren haizeak gure igoera oztopatzen hasi zen

Urtero bezala, honelako irteeren ostean Otxagabiara joan ginen bertoko kanping-ean bazkaltzeko, eta urtero bezala aurten ere ez zegoen lehen aldian ezagutu genuen zerbitzari liluragarria. 

Ondorengo egunetan Estiren argazkiak ikusi ahal izango dituzue.
 Xabi Gardeazabal.

No hay comentarios:

Publicar un comentario